XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

SORHOETAKO BELHARRA BEZALA Asunek, asto zaharra aldatz beherean gidatzen, ez zuen Lukuko atari ilunean utziriko belargile ezezaguna gehiago gogoan, ez zuen gogoan karroan isilik zegoen ama arrenguratu hura, ez Harregiko etxaguntzaren gainbehera gorpuzturik erakusten zuen neba gaisoa, ezerezaz zuen lausoturik gogoa.

Asto zahar ia urdinak astiro zeraman karroa eta arinago bazoaz hobe pentsatu zuen neskatoak.

Ezereza, aspergoa behelaino bat da.

- Arre, arre - esan zuen, astotxoaren ankan makila kolpatuaz.

Belarra horizta zegoen landetan, egunak lehenago ebaki eta lehortzen utzia, baina bezperako euriak busti eta endregatua.

Usteldu orduko haizatzen ari ziren belarra mutiko eta andere batzu, sardetan altzatu eta aidean erortzen utziaz.

Bidean behera, aldizka, gerizondoetan anpoloi gorriak ikusten ziren eta haurren bat adaska goiren batetara igona.

Lukutik Harregira luze samarra zen bidaia.

Mendi magalean behera hartu behar zen, lehendabizi, gurpidea hilerriraino eta, han ezkerretara, bide berria Apezetxeraino.

Elizako enparantzan Erroibarreko bidea hartu behar zen gero, bide berria Etxeberriraino eta, aldatz goran, bideska malkar eta zail bat Erro alderaino.

Bere nebak eskuan atxikirik zeraman beleaz ohartu zen Asun.

Martini laket zitzaion lantzean behin gauzaren bat hartzea, berdin harriska bat edo animaliatxo bat, edozer, baina hartuez gero ez zuen askatzen egunetan.

Behin batetan sugelandare bat hartu zuen eskuan, eta utzi nahi ez, eta hiru egunez eduki zuen animalia hatzen artean, hilik.

Ea amak Martin belargile harengana zertara eraman ote zuen pentsatzen zuen Asunek.